Juan Mari Aburto | Bilboko alkatea
Itziar Urtasun | Berdintasun, Lankidetza, Bizidetza eta Jaietako Saileko Zinegotzia

Ekainaren 11tik 13ra Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren berdintasunari, aniztasunari eta inklusioari buruzko konferentzia hartuko dugu Bilbon, eta guretzat ohore handia da. EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin eta Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluarekin (CMRE) batera lanean ari gara Bilbon bertan aipatutako foroa plataformarik onena izan dadin gizarte panorama eraldatzeari buruzko ideiak garatu eta esperientziak partekatzeko.

Berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa funtsezko balioak dira udalerri eta eskualde europarrek Europa justuago, hobe, inklusiboago eta gizatiarragoa eraiki dezaten. Horixe bera nahi dugu Bilbon ere, gizarte hobea eraikitzen laguntzea.

Bilboko Udalaren izenean, Europa mailako hitzordu handi honetan zuen zain egongo gara, eta, bidenabar, hirian emango duzuen denbora ahal bezainbeste aprobetxatzeko gonbidapena egin nahi dizuegu, gure kultura, artea, arkitektura edota sukaldaritza ezagutzeko, baita euskara ere, geure hizkuntza izateaz gain Europako hizkuntzarik zaharrena ere baita.  

Ongi etorri Bilbora!     Zuen zain egongo gara!

 

Imanol Landa, Getxoko alkatea | EUDEL- Euskadiko Udalen Elkarteko elkarteburua 
Garazi López de Etxezarreta | Errenteriako alkateordea. EUDEL - Euskadiko Udalen Elkarteko bigarren elkarteburuordea

Homologo eta kide agurgarriok,

Animatu nahi zaituztegu 2018ko ekainaren 11tik 13ra Bilbora etortzera eta gurekin bat egitera ezinbesteko hitzordu batean. Gure prestutasun osoa jarri dugu CMREren Konferentzia hau denok nahi duguna izan dadin, alegia, Europako udalentzako erreferentzia bat. Hiru egunotarako proposamena honakoa da: tokiko berdintasun-, aniztasun- eta inklusio-politikei buruzko Jarduera-komunitate bat garatzea, ‘bidegurutzezko’ ikuspegi berri batez garatu ere.

Tokiko gobernuok gure herritarren nortasun-aniztasunerako ingurune inklusiboak eta eskubide-bermatzaileak eraikitzeko erronkari egiten diogu aurre. Nortasun horiek zenbait kategoria biologiko, sozial eta kulturalen  bidegurutzean eraikitzen dira, hala nola generoa, hizkuntza, sexu-orientabidea, adina, desgaitasuna, etnia, arraza, erlijioa, edo nazionalitatea, besteak beste.

Herritarrek beren ordezkariengan jartzen dute konfiantza, ‘giza eskalako’ hiriak eraikitzea ahalbidetuko duten beharrezko lanabesak bila ditzaten, hiriak pertsona guztientzat sozialki inklusiboak eta justuak  izan daitezen. Hala, hiri horiek pertsona guztien ametsei erantzungo diete, desberdintasunetatik haratago, elkarrekin eta aukera-berdintasunez bizitzeko espazioak diren neurrian.

Gure ‘erreminta-kutxa’ planak, programak eta politika publikoak dira. Pertsonek parte hartu behar dute plan, programa eta politika publiko hauen definizio, gauzatze eta segimentuan, haiei zuzenduta daude eta. Udalerria laborategia da; bertan esperimentatzen eta gauzatzen da egitasmo eta politika bakoitza.

Tokiko hautetsiok gure herritarren irrika, asmo eta ametsen ‘biltzaileak’ gara, hots, gure udalerrietan bizi eta elkarbizitza egiten duten pertsonen irrika, asmo eta ametsak. Gure egiteko nagusia da herritarren ‘amets’ horiek biltzea eta ‘neurrira egindako’ soluzioetara ekartzea, beharrizan desberdinei erantzute aldera. 

Ametsak errealitate bihurtzeko ilusioak inspiratuko gaituelakoan gaude, Konferentzia honetan gugandik onena ematen lagunduko digulakoan gaude. Aprobetxa eta goza dezagun elkarrekin partekatutako esperientzia hau!

 

Stefano Bonaccini | CMREko presidentea, AICCREko presidentea, Italiako Emilia-Romagna eskualdeko presidentea
Gunn Marit Helgesen | CMREko presidentekidea, KSko presidentea, Norvegiako Telemark konderriko zinegotzia

Gaur egun mundua inoiz baino konektatuago dago, eta inoiz baino konplexuagoa da. Errealitate berriei egin behar diegu aurre, bereziki berdintasunik ezari eta gizarte bazterketari dagokienez, jendearen egunerokotasunean presente baitaude. Toki mailan aukeratutako ordezkariek herritarrei kalitate handiko zerbitzuak eskaintzeko egiten dute lan, eta alderdi horien gaineko neurriak hartzeko erantzukizun eta aukera esklusiboak dituzte.

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren presidentea eta presidentekidea garen aldetik, harro gaude gure erakundea aitzindari globala izan delako Emakumeek eta Gizonek Tokian Tokiko Bizimoduan izan behar duten Berdintasunerako Europako Gutunari dagokionez, eta 2018ko biltzarrera gonbidatu nahi zaituztegu. Zatoz eta ezagut ezazu tokiko zein eskualdeko gobernuek nola baliatzen duten gure gizarteetako aniztasun aberatsa. Zatoz eta ikus ezazu dinamismo hori nola bihur daitekeen gobernantza eragile eta eraginkor, giza eskubideen errespetuan, tratu justu eta parekidean eta gizarteko kide guztien inklusioan errotutakoa.

ILandu dugun Europaren ikuspegia errealitate bihurtzea nahi badugu, funtsezkoa izango da giza eskubideetan oinarritutako ikuspegia tokiko jarduera guztietan txertatzea, hezkuntzan, enpleguan zein garraioan, baita Administrazio publikoan ere. Gauza bera aplikagarria da konpromiso globaletan, esaterako Hiriko Agenda Berrian eta Garapen Iraunkorrerako Nazio Batuen 2030erako Agendan.

Aurreratu egingo gara eta Europako udalerri eta eskualdeak gertukoak, parekideak, aktiboak eta anitzak zergatik garen ikasiko dugu. Desberdintasunak ditugu elkargune!